Solasaldiak-Conversaciones             Euskara       Castellano
Hausnarketa eta eztabaidarako proposamena

Orri hauetan aurkezten dugun agiria zirriborro bat da, Solasaldi hauen bultzatzaile lanetan dihardugun pertsona eta taldeok gure artean egin ditugun lehen hizketaldien ondorioa.

Hemendik aurrera, hilabete bateko eztabaida-prozesua abiatzen dugu (ekainaren 8a arte). Eztabaida horren bidez, agiri honekiko ekarpenak, hausnarketak eta atxikimenduak jaso nahi ditugu.

Eztabaida-prozesu hori amaitutakoan, jasotako ekarpenak biltzen dituzten ideiak nabarmenduko ditugu, eta ideia horiek izango ditu oinarri ekainaren 27 eta 28ko Solasaldien amaieran Victoria Eugenian onartu nahi dugun agiriak.

Solasaldi horiek bultzada bat izan daitezen nahi genuke, indarkeria-eza aktiboaren bidean jarduera bateratua edo koordinatua abiatzeko bultzada.

Berariaz osatutako lantalde bat arduratuko da orain abian jartzen dugun eztabaida-prozesua hau guztia koordinatzeaz eta aipatutako Solasaldiak antolatzeaz.

Dokumentua inprimatu edo deskargatzeko aukera (PDF)

Dokumentuari ekarpenak egiteko "Forora" jo


Gure Gatzaren Ibilaldia”

Gandhik egindako Gatzaren Ibilaldia hartu dugu agiri honen goiburutzat. Sabarmati ibaiaren ertzeraino 1930eko martxoan egindako ibilbidean, hamaika erresistentek egin zuen bat gatza hartzeko keinu sinbolokoaren bidez. Keinu desobeditzailea izan zen, Britainia Handiko inperioak gatzaz eta Indiako beste zenbait produktuz jabetu izanaren aurrean eta horiek monopolio gisa ustiatzearen aurrean. Atxilotuko zutela jakinda, hauxe esan zuen Gandhik: “Indarkeria-ezarengan kredo bat bailitzan sinesten duen inork ez du zertan geldik geratu”. Balio beza adibideak eztabaidarako.


Zerk batzen gaituen
Gure gonbidapen kolektiboa
Indarkeria-eza eta eraldaketa
Gizarte-eraldaketaren memoria historikoa eta borroka-kontzeptuak
Indarkeria-eza eta Estatuaren indarkeria
Indarkeria-eza, ETArekin edo ETA gabe
Indarkeria-eza eta bake-prozesua
Indarkeria-eza eta normalizazio politikoa
Indarkeria-eza, eskubideak eta askatasunak
Ez dugu nahi
Bai nahi dugu
Azken mezua

  1. Zerk batzen gaituen


  2. Hemen elkartzen garen pertsonok bizitzaren aurreko jarrera aktiboa dugu. Gizartea aldatzeko nahiak batzen gaitu, sortzen dituen bidegabekeriak amai daitezen nahi dugu, eta beste era bateko mundua egin dezakegula uste dugu, baita bestelako Euskal Herria ere.

    Badakigu ezingo dela behar bezala lortu inolako gizarte- edo politika-aldaketa bidezkorik eta demokratikorik, konpromisodun talde-ekintzarik gabe.

    Horrez gain, badugu batzen gaituen beste pentsamolde bat ere: indarkeria-eza aktiboa dela uste dugu gizarte- eta politika-eredu bidezkoagoak eta demokratikoagoak sustatzeko biderik eraginkorrena eta gizatiarrena. Izan ere, indarkeriak ez bezala, bide hori erabiltzeak ez du eragiten beste bidegabekeriarik edo sufrimendu handiagorik.


  3. Gure gonbidapen kolektiboa

  4. Bada Jean-Marie Muller-en hausnarketa bat, gure arteko askok erabili ohi duguna. Honela dio: “Ez da erraza indarkeria-ezaren bidezko konponbidea bilatzea arazo guztiei; ezta indarkeria erabiltzeak konponbiderik ez duela ekarri ikusi den kasuetan ere. Baina lan-hipotesi hau behintzat ados genezake: indarkeria-eza erabil badaiteke, orduan hobe da bide hori erabiltzea. Eta beraz, zer aukera eskaintzen dizkigun aztertu beharra dago”. Horixe da gure gonbidapen kolektiboa.

    • Indarkeria-eza konpromisoa da, pasibotasunaren aurkakoa, etxean telebista aurrean lasai-lasai eseri, gure kaleetan gero eta polizia armatu gehiagok gure segurtasuna zain dezaten ordaindu, eta denen eta ororen kontra gaizki esaka aritzearen aurkakoa.

    • Uste dugu ez dela nahikoa bakea nahi izatearekin, egunetik egunera egin beharra dagoela. Eta horrek bidegabekeriekin ez kolaboratzea esan nahi du, edozein dela ere bidegabekeriaren modua, tamaina eta egilea.


  5. Indarkeria-eza eta eraldaketa

  6. Indarkeria-eza jokabide zilegia da, eta gure gizartean dauden desberdintasunek (ekonomikoak, botere-mailakoak, lurraldeen artekoak, hizkuntzen artekoak, arrazen artekoak, sozialak, generoen artekoak…) sortzen dituzten bidegabekeriei aurre egiten saiatzen da.

    Horregatik, izaera eraldatzailea du, gizartean dauden bidegabekerien oinarriak aldatzen saiatzen baita, berez botere-harremanetan abantailazko egoeran dauden gizarte-sektoreak beren pribilegioei eusten ahalegintzen dira-eta.

    Beraz, indarkeria-ezak gatazka aktibatzea eragiten du, neurri batean; izan ere, konfrontazio antagonikoa sortzen du, horrela gatazka horiek parametro demokratikotan kudeatu ahal izan daitezen.

    Logika antagoniko horrek zera du oinarrian: indarkeria-ezak dituen potentzialtasunak, metodo konbentzionalen aldean eta indarkeriaren bidezko borrokaren aldean. Izan ere, indarkeria-ezak gaur egungo botere-harremanen izaera inposatzailea eta antidemokratikoa bistaratzeko gaitasuna du; eta gainera, erabiltzen duen logika eraldatzaileak etorkizunerako duen proiektu demokratikoa zein den erakusten du bere ekintzetan bertan ere.

    Estrategia konbentzionalekin eta indarkeriazkoekin alderatuz, indarkeria-ezak modu egokian konbinatzen ditu aurre egiteko gaitasuna, elkartasuna sustatzea, eta gaur egungo botere-harremanei zalantza eragiteko gaitasuna.

    Hitz batean: indarkeria-ezak gizartea eraldatzea du helburu, klabe demokratikoan eraldatzea, eta bide horretako bere jardueran, lortu nahi duen gizarte-proiektua bera nolakoa den erakusten du.


  7. Gizarte-eraldaketaren memoria historikoa eta borroka-kontzeptuak

  8. Memoria historikoa ezin da komeni den bezala zatikatu. Botereek komeni zaiena transmititzen dute historiari buruz, eta beren erara egiten dute, eta gainerakoa ahazten uzten dute.

    Etsaiak ez baizik eta aurkariak aurrez aurre jartzen dituen esperientzia antagonikoak, indarkeriarik gabeko erresistentzia aktiboan oinarritutako protesta-mugimenduak, desobedientzia zibilean oinarritutakoak… historia oparoa dute gure herrian. Esperientzia horiek guztiak jaso egin behar ditugu eta etorkizuneko belaunaldiei transmititu behar dizkiegu. Kultura gerrazaleak –gizarteko kultura nagusia denak, eta kutsakorra gainera–, izugarrizko kaltea egin die gizarte mugimenduen barruko nahiz kanpoko indarrari; bada kultura horrekin amaitzeko garaia, eta horretarako, indarkeria-ezaren agerbide ugarien artean (Gene Sharp-ek indarkeria-ezaren bidezko 200 metodo bildu ditu) behar den erreferentzia ekintzaile eta baketsu berria aurkitu behar dugu.

    Beraz, ez digu balio edozein motatako borrokak. Protestak, borroka sozialak eta politikoak ez diote ihes egin behar antagonismoari eta diskurtsoak nahiz proiektuak modu eraginkorrean aurrez aurreko jartzeari. Baina ahal beste urrundu behar dute bai adostasunezkoak omen diren formulen azpian botere-harreman desorekatuak ezkutatzen dituzten politika-ereduetatik, bai etsaia suntsitzea besterik bilatzen ez duten borroka-moduetatik.

    Borroka egunoroko zeregina da. Borroka protesta eta antagonismoa da. Borroka edozein gatazkari aurrez aurre eta errotik aurpegi ematea eta hura gainditzen ahalegintzea da. Borroka gizarte-sarea eraikitzea da, arazoei aurre egitea. Borroka lurreko gainerako pertsonak eta izaki bizidun guztiak errespetatzea eta maitatzea da. Borroka eguneroko zalantza eta kontraesanak etengabe gainditzea da. Ezin da mugatu borroka kontzeptua bortxaren bidezko agerbidera soilik. Bakarra adjektibo murriztaileak, berriz, ezin dio bidea itxi hitz hori limurtzeko, konbentzitzeko eta hezteko tresna gisa erabiltzeari; ezin ditu bazter utzi urte hauetan guztietan erresistentzia zibilak erabili dituen sormenezko proiektuak, eta argitarapen eta adierazpen artistiko, sozial eta kulturalak, horrek guztiak gure herriaren eraldakuntza sozialean historiarik egin ez balu bezala. Eskarmentu handiegia pilatu dugu, eslogan baten aldebakarreko interpretazioak lurpera dezan uzteko.

    Memoriak historia errepika ez dadin balio behar digu; horretarako, konfrontazioa gizatiarrago bilakatuko duten ekimen zibilak abiarazi beharko ditugu, beharrezko elkar-ulertzea eta konfiantza bilatuko dutenak, horrela, alde guztiek elkarrekin erabaki ditzaten elkarbizitzarako arauak eta herri honen etorkizuna.


  9. Indarkeria-eza eta Estatuaren indarkeria

  10. Bidegabekeriei aurre egiteak, askotan, Eskubide-Estatuak darabilen indar legalaren erasoa jasatea dakar. Luzea da estatuen indarkeria zilegiak eragindako sufrimenduaren historia, baina argi dago orain arteko neurri guztiak gainditu dituela I-11ko gertaeraren ondoren; izan ere, orain arte pentsaezinak ziren estrategia gerrazaleak, eta armamentu- eta polizia-estrategiak darabiltzate.

    Demokrazia formalak narriatzen ari direla ikusten dugu, bai mundu mailan eta bereziki Espainiar Estatuan; iraganean lortutako hainbat eskubide eta askatasun garrantzitsu bertan behera geratzen ari dira: biziarteko kartzela-zigorrak ugaritzea, legeztatutako tortura, erakunde zibilen aurkako akusazio generikoak eta frogarik gabekoak, komunikabideak ixtea, botere judiziala botere betearazlearen mende jartzea batere disimulurik gabe, hainbat talde eta erakunde legez kanpo uztea, adin txikikoentzako zigor-legeak gogortzea… Esandako guztia legalitate-jantziz apain daiteke, baina ez da zilegia bizikidetza baketsua lortu nahi bada.

    Beste helburu batzuekin batera, 18/98 sumarioaren sententziak desobedientzia zibila kriminalizatu egin duela salatzeko elkartu gara hemen. Eta gainera, Estatuan gertatzen ari den askatasun-murrizketa larriaren adibide bat baino ez da.


  11. Indarkeria-eza, ETArekin edo ETA gabe

  12. Bakearen alde egotea bizitzako hainbat esparrutan dauden indarkeria guztien aurka egotea da; horien guztien aurrean koherentziazko jarrera izan behar dugu. Estatuaren indarkeria onartzen ez badugu, ezin dugu onartu helburu politikoak lortzeko bitarteko bidegabeak erabiltzea ere. Alderantziz ere, beste indarkeria batzuk badirela onartzea ez da, inondik inora, ETAri bidea erraztea. Koherentzia etikoa baino ez da.

    Bakearen alde egotea, ETAren jardueraren aurka egotea da; baina norbait ETAren aurka egote hutsak ez du esan nahi, berez, bakearen alde dagoenik. Norbaitek indarkeriaren aurka dagoela esateak ez dakar indarkeria-ezaren aldeko jarrera aktiboa izatea.

    ETAk indarkeria erabiliz jarduteari uzten badio ez dugu, automatikoki, bakea lortuta izango. Urrats garrantzitsua izango da, funtsezkoa gauza askotarako, baina hainbat eskubide zibil eta politiko urratuta izango ditugu, eta urraketa horiei aurre egin beharko zaie. Modu berean, indarkeria-ezak beharrezkoa izaten jarraituko du, gizartean dauden beste bidegabekeria batzuei aurre egiten saiatzeko.

    Heriotza-zigor ororen aurka gaude; berdin dio borreroa Gobernu bat izan, epaile bat izan edo talde armatu bat izan. Era guztietako gerren aurka gaude, esku-hartze humanitario deitu edo borroka armatu.


  13. Indarkeria-eza eta bake-prozesua

  14. Indarkeria-eza funtsezko elementua dela uste dugu, oro har gatazkak konpontzeko, eta bereziki, euskal gatazka konpontzeko. Argi dago estrategia konbentzionalek eta indarkeriaren bidezkoek ez dutela irtenbiderik eskaini.

    Indarkeria-eza beharrezkoa dugu Euskal Herrian beste bake-prozesu baten bila aritzeko lanean: batetik, elkarrizketaren eta elkarrekiko errespetuaren balioak indartzeko, eta bestetik, jasaten ari garen hainbat gatazkei sustraitik erantzuteko ikuspegi osoa eskaintzeko.

    • Esandakoaren haritik, ideia eta proiektu ezberdinak edo kontrajarriak daudenean, pentsamolde desberdinak dituzten pertsona, talde eta erakundeek indarkeria-ezaren filosofian eta herritarren egiazko parte-hartzean oinarritu behar dute, gure ustez, interes ezberdinen arteko gatazka hori bideratzeko; ez da aski gizarte-eragile jakin batzuek hartutako erabakiak puntualki berrestea.

    • Horrexegatik, bestelako kultura politikoa behar dugu, maila guztietan. Denok behar dugu. Lehentasunezko kontua da eragile politiko eta ekintzaile batzuentzat, eslogan, logotipo, pankarta, pintada, kartel, omenaldi eta abarretan duela hogei edo hogeita hamar urteko postulatuak etengabe errepikatzeko inertziari lotutako diskurtso politikoa egiten dihardute-eta. Ordezkari politikoentzat ere lehentasunezkoa da, gatazken, protesten, arazoen eta disidentziaren aurrean nola jokatu erabakitzerako orduan; izan ere, elementu horiek guztiak bere-bereak ditu sakoneko aldaketa sozial eta politikoa bilatzen dituen gizarte bizi orok. Gizarte askeago eta bidezkoagoa lortzeko bidea indarkeriazko giroan garatu ohi da, askotan, baina gatazka horren konponbidea indarkeria-ezean oinarritu dadin borrokatu behar dugu.

    • Indarkeria-ezaren kulturak horixe azpimarratu behar du. Odolik ez dute isuri behar ez erakundeek eta ez disidentziak. Ez dugu behar ez porren bidez edo gomazko pilotez ubeldutako gorputzik, ez heriotzaz mehatxatzen duten mira edo objektiboen pintadarik edo urlia edo sandia hormara bidaltzen duenik.

    Horrekin batera, elkarrizketaren eta elkarrekiko errespetuaren balioak indartzeak ez die aurre egin behar jasaten dugun gatazketako baten agerbide agerikoenei soilik; aitzitik, errealitate sozialaren izaera gatazkatsua onartzen dela bermatzeko balio behar du, eta desberdintasun eta bidegabekeria guztiek tratamendu integrala jaso dezaten lortzeko.


  15. Indarkeria-eza eta normalizazio politikoa

  16. Normalizazio politikoari aurre emateko, irten beharra daukagu aurrez aurreko bi hautabidek osatzen duten gurpil-zorotik: batetik, egungo statu quo hau zalantzan jartzen ez duten hautabideak daude, eta horien aurrez aurre, statu quo horrekin formetan ere hautsi nahi duten indarkeriazko alternatibak.

    Bien artean, indarkeria-ezaren bidezko estrategien eremu zabala dago; gutxi garatutako eremua da, eta normalizazioaren erronkak gaur egun dituen korapilo asko askatzen lagun dezake.

    Indarkeria-eza ez da eskubide kolektiboen urraketak errotik eta denen artean konpondu nahi ez dituzten estrategien apaingarri osagarri hutsala: ez urraketa horiek partzialki baino konpondu nahi ez dituztenen itxurakeria antagonikoa apaintzeko, ez irtenbide partikularrak indarrez inposatu nahi dituzten estrategiei kolore pixka bat eta rollo ona eransteko.


  17. Indarkeria-eza, eskubideak eta askatasunak

  18. Eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzen ditugu. Ez dago salbuespenik.

    Euskal Herrian, XXI. mendean, iraun egiten dute, oraindik ere, giza eskubideekiko, pilatutako sufrimenduarekiko eta era guztietako biktimekiko begirada partzialek. Oraindik ere egunero ikusten ditugu, bai alde batean eta bai bestean, giza eskubideen urraketa batzuk salatu bai baina beste batzuen aurrean beste aldera begiratzeko diskurtso eta jarduerak, edota urraketa horiek ezkutatzeko elkarrengana biltzekoak.

    Errealitate horren aurrean, indarkeria-ezak jarrera argia agertu behar du, zalantzarik gabeko salaketa eginez eta bere jardueran atzera bueltarik izango ez duen lerroa markatuz. Indarkeria-eza giza eskubide guztiekiko konpromisoa da. Eskubide horien urraketa bidegabekeria da, eta salatzea eta erantzutea eskatzen du. Eskubide horiei alde bakarretik eta alde bakarrera begiratzeak eta haien urraketak babesteko jarrerak ere salatzea eta erantzutea eskatzen dute.

    Abenduaren 10ean hirurogei urte beteko dira Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zela. Urteurren hori Euskal Herriaren ikuspegitik ekarri nahi dugu gogora, egin diren aurrerapenak eta atzerakadak gogoan hartuz, eta gaur eta hemen oraindik ere egiteko dugun guztia kontuan hartuz. Esperientzia horretatik, hauxe esan dezakegu:

  19. Ez dugu nahi:

    • Irabazleen eta garaituen kulturarik.

    • Dena lagun/etsai, aliatu/traidore… eskemen bidez ikusterik.

    • Bidegabekeriei aurre egiteko eta haiek gainditzeko denak ez du balio. ETAren aurka borrokatzeko ere denak ez du balio.

    • Indarkeria-eza ez da indarkeriazko estrategiarekin bateragarria. Indarkeria-eza ez da indarkeriazko estrategia baten osagarria. Desobedientzia zibila ez da indarkeriazko ekintzarekin bateragarria, eta ezin da zigortu hala bailitzan. Desobedientzia zibila ez da ETArena.

    • Indarkeria-eza ez da bateragarria diskurtso huts baina hotsandikoen atzean gaur egungo desberdintasun eta bidegabekeriei ihes egiteko estrategiarekin. Indarkeria-eza ez da gizartearen errealitateari partxeak jartzen ibiltzea.

    • Bizitza sozialean eta politikoan ezin da ez herritarren parte-hartzearekiko ez ikusiarena egin, ez hura oztopatu. Etorkizun hipotetikorako ere ezin da utzi.


  20. Bai nahi dugu:

    • Bidegabekeria guztiei aurre eman, haien aurrez aurre jarri. Eta haien artean, gaur eta hemen minik agerikoena eragiten dutenen aurrean bereziki.

    • Horregatik bermatu behar dugu bizitzeko eskubidea, eta duintasunez bizitzekoa. Guzti-guztientzat.

    • Aldaketa soziala eta politikoa sustatzeko eskubidearen alde ere egiten dugu, modu berean. Guztientzat hori ere.

    • Gu bezala pentsatzen ez duenari entzuten eta hari begirunea izaten ikasi beharra daukagu.

    • Zubiak bi zentzuetan zeharkatzeko dira. Ez dira eraikitzen besteak norberaren eremura etor daitezen. Bi aldetatik zeharkatu behar dira.

    • Biktimak gatazka honen alde askotan daude. Horrela dela aitortzea funtsezkoa da gure herriko zauriak senda daitezen eta bizikidetzaren oinarriak sendotzeko. Pedagogia-lana sendo egin beharko da, baina ezinbesteko erronka dugu gizartea berradiskidetzeko.

    • Uneoro gure etorkizuna erabaki nahi dugu, bai arazo handiei buruz eta baita tokian tokiko arazoei buruz ere. Hitza herritarrena bada, erabil dezagun; koiunturazko edo alde bakarreko interesen mende jarri jabe; debekurik gabe; inolako babes militarrik gabe; askatasunean.


  21. Azken mezua

  22. Ekin diezaiogun bideari elkarrekin.


www.noviolenciactiva.org        www.solasaldiak.org    | solasaldiak    |     2008